Osasuntsu daude ikasturte berriko kirol ekintzak

2014 / 11 / 03

2014-2015 ikasturterako kirol eskaintza egin zen irailean Eskoriatzan, eta erantzun paregabea izan du. Aspaldian ez bezala, pare bat talde sortu dira goizez (pilatesa eta zumba) eta beste talde batzuekin zer gertatuko den ikusteko badago ere (spininga, body balanzea eta GAHa) esan beharra dago jende asko gerturatu dela probako saioetara. Arratsaldeko taldeak, aldiz, indartsu hasi dira: zumba eta pilatesa kopuru maximoetan daude, eta body tonoa, GAH eta spiningeko taldeak ere “osasuntsu” daude, oraindik plaza batzuk libre izan arren.

Horrez gain, kiroldegiko abonatuentzat ezarri berri den OSASUN Fitness zerbitzua abian da astearte eta ostegunetan, 10:15 – 11:15 eta 18:30 – 20:30 ordutegian, eta dagoeneko erabiltzaile batzuk animatu dira lehen probak egitera. Gogoratu zerbitzu honetan aholkatu egiten dela ze nolako ariketa fisikoa egitea komeni den norberaren osasun egoeraren azterketa bat eginez. Gainera, zerbitzu horri bultzada emateko, Eskoriatzako Osasun zentroa eta Udaleko Gizarte eta Kirol zerbitzuak elkarlanean ari dira herritarrei “kirol errezeta medikoa” eskaintzeko helburuarekin.

Hauek dira dagoeneko martxan dauden lehorreko kirol ekintzak:

kirol_ekintzak

Uretako ekintzetan parte hartzea ezin hobea da. Umeen talde guztiak martxan daude eta batzuk kopuru maximoetan, eta nagusiak ere animatu dira igerileku berriko ikastaroetara. Esan beharra dago igerilekuaren ezaugarri berriei esker bertako funtzionalitatea asko hobetu dela. Sakonera minimoa 1,20 metro da eta maximoa berriz 1,60 metro. Horregatik, urari beldurra galdu nahi dioten guztiak animatzen ditugu etortzera eta probatzera.

Hauek dira dagoeneko martxan dauden uretako kirol ekintzak:

Ur_ekintzak

Azaro eta abendurako berriz, ekintza osagarriak antolatuko dira. Dagoeneko Eskoriatza sartuta dago bailaran (Oñati, Arrasate, Antzuola eta Eskoriatza) eta bailaratik kanpo (Legazpi eta Zumarraga) egiten diren spining eta zumba zirkuitoetan. Aipatutako herri horietan guztietan “Ziklon Day” (spininga) eta “Zumba Day” egunak antolatzen dira eta ikasturte bukaeran maratoi-jaia ospatzen da. Azaroaren 8an emango zaio hasiera zirkuitoari, Oñatin, eta aurreikusten da Eskoriatzan urtarrilaren 24an izatea. Egutegiak: Zunba Day  eta eta Ziklon Day.

zhumba ziklon

Esan bezala, asko eta asko izan dira kiroldegira gerturatu direnak, baina gogoratzen dugu oraindik ere izena emateko aukera badagoela, eta nahi duenak 2 saio doan egin ditzakeela proba moduan. Gonbidapenak kiroldegian daude eskuragarri, eta eskaintzaren xehetasun guztiak webgune honetan kontsultatu daitezke. Izen ematea, berriz, kiroldegian egin daiteke, edo etxetik bertatik, webgunetik eskaera orria jaitsi, bete eta helbide elektroniko honetara bidaliz: kiroldegia@eskoriatza.net

Kirol eskaintzaren helburua Eskoriatzako herritarrak aktiboak izateko bideak erraztea da, betiere, OMEk ezarritako jarraibideak kontuan harturik: denbora librean jarduera fisikoa egitea, joan-etorriak ariketa fisikoa egiteko baliatzea, lanean 2 ordu baino gehiago jarraian geldirik ez egotea…, laburbilduz, egunerokotasunean ohitura osasuntsuak barneratzea. OMEk gomendatzen du astean 150 minutuz egitea intentsitate ertaineko edo handiko jarduera fisiko aerobikoa edo, gutxienez, astean 75 minutuz, jarduera aerobiko bizia eta handia. Eman pauso bat zure osasunagatik!