2014ko indusketak

Uztailean eta abuztuan 2014ko arkeologia kanpainako lanak egin ziren Atxorrotxeko gazteluan eta Axtrokiko haitzetan.

indusketa

Alde batetik, gazteluko lanekin jarraitu genuen: atea egon zitekeen gunea aztertuz, eta baita gaztelu barruko zati bat ere; eta, bestalde, Axtroki haitzen inguruan egin dugu lan. Uste dugu leku horrek oraindik aurkitu gabeko lotura arkeologikoa duela. Bi leku horiek balio handia dute Eskoriatzarentzat historia eta nortasun aldetik.

2014an Atxorrotzen aurkitutako gauzarik nabarmenetakoa gaztelura sartzeko atea da: horman egindako zulo bat da, hurbileko harkaitzak baino beherago dagoena; eta bertan, ziur aski, sarrera babesteko defentsak izango ziren. Begi bistan aztarna gehiegirik ez badago ere, argi eta garbi ikusten da forma: 1,6 metroko zabalera du, eta barrurako bidean zegoen harrizko zoruaren aztarnaren bat ere ikus daiteke. Ateko arkua egiteko hareharria erabili zuten, lan zehatzeagoa egitea ahalbideratzen baitu, eta baita harriak ondo eskuairatzea ere egiturari sendotasuna emateko.

indusketa_2

Nabarmendu behar da ere ura kanpora ateratzeko gazteluko zenbait puntutik igarotzen den ubide sistema bat aurkitu dela. Egitura horiek oso sinpleak dira: kareorez estalitako zurezko ubideak. Polita izango da lurpeko ubide guzti horiek interpretatzea, gaur egunera arte, harkaitz motako inongo gazteluan ez baita horrelako ubiderik agertu, eta horrek erakusten du gaztelu honek, nahiz eta xumea izan, duen garrantzia.

indusketa_3

Material asko aurkitu dira: arma aztarnak, Erdi Aroko, Erromatar garaiko eta Burdin Aroko zeramika aztarnak, apaingarriak eta baita Erdi Aroko hainbat garaitako monetak ere, Alfontso Borrokalariaren garaitik hasi (XII. mendea) eta XVI. mendera artekoak, Portugaleko XV. mendeko moneta batzuk barne.
Aurten bisitarientzako prestatuko dugu gaztelua: lurra egokitu, panelak jarri eta, azkenik, ermita dagoen lekuan harkaitzean egindako lanak erakutsi. Lur soberakinak harkaitz barrenera eramango dira landaretza bere onera ekartzeko.

indusketa_4