2011ko indusketak

Lan kanpaina honetan uraska ondoko espazioa ireki zen uraskaren beste aldea ikusi ahal izateko eta nola eginda zegoen aztertu. Horrela, kareorez egindako zoru plaka bat aurkitu zen, eta erabaki zen lanak puntu horretan amaitzea izango zela onena.

Bigarren helburu bezala, gaztelutik 70 metrora dagoen harkaitzera itzuli ginen. Merenderoaren ondoan, hegoaldean, dagoen harkaitz hori gazteluaren aurretik dago, puntu hobeezinean gaztelura doazen bideak zaintzeko. Bertan Erdi Aroko aztarna batzuk agertu ziren azaleran. Urte horretako lanetan Erdi Aroko aztarna gehiago aurkitu genituen: armak, zeramikak eta Nafarroako errege Antso Jakitunaren (1150-1194) txanpon bat, espazio honen antzinatasuna eta 1200. urtean gaztelua konkistatu aurretik izandako erabilera egiaztatzeko balio izan duena.

Lana osatzeko, sarbidea egin zen eta uraska ikusteko hesi bat jarri zen, inor erori ez dadin.

Indusketak1Uraskaren ondoko UEn xehetasunak

Azkenik, estalita izan genuen mendebaldeko harresiaren egoera zein zen jakin nahi izan genuen, babesteko asmoz lehenengo urtetik lurrarekin estalita izan genuen hegoaldeko harresia garbitzeaz gain. Berreskuratu eta bisita gidatuetan erakutsi genuen lehen zatia izan zen. Gaztelua bere aztarnak erakusten hasia zen.

Gure harridurarako, harresian, 1,3 metroko sakoneran, horma-zulo bat agertu zen egoera onean. Zuloko harriak oso egoki jarrita daude bere funtzioa betetzeko, hau da, urak irten dezan.

Indusketak2

Garbiketa teknikoaren ondoren, hegoaldeko harresia edo 6 sektorea sendotzeko eta berreskuratzeko lanak hasi genituen “Ártyco” enpresak lagunduta eta gainbegiratuta. Enpresa horrek aztertu zituen hasieran kareore laginak, eta lanen eta aplikatutako materialen eboluzioa gainbegiratu.
Horma garbitzen hasi ginen, lurra eta belarrak kendu eta harriak solte zeuden lekuak bilatzen.
Gune makalenak sendotzeko, guk geuk egindako kareorea erabili genuen, jatorrizkoaren antza izateko moduan nahastuta (kareoreen artean aldeak zeudela ikusi genuen: kanpo aldekoa argiagoa zen; eta, barruko, berriz, horizka, “arrautza kolorekoa”).

Indusketak3Indusketak4Harresia berreskuratu aurretik eta ondoren

Azkenik, sendotutako gunea atseginagoa egiteko asmoz, harresiaren barrualdean harrizko zoru bat egin zen, 2009. urteko kanpainan aurkitutako goi Erdi Aroko zoruaren itxura izan nahi duena. Horrekin, gune hori sendotzearekin batera euria egiten duen egunetan lokatzarik ez sortzea eta harresiaren ondoan landarerik ez haztea lortu nahi da.