Dantza taldea berriro plazetan

2024 / 04 / 16

Eskoriatzan 1960ko hamarkada bukaeran Mario Padillak Gorosarri dantza taldea sortu zuen, lehenengo emanaldia 1966.urtean egin zuen taldeak herriko plazan eta 1967.urtean, Miarritzen Euskal Dantzarien Biltzarrean parte-hartu zuen. Harrez gero, urte luzeetan izen horrekin ibili izan ziren herri batetik bestera Eskoriatzako dantzariak.

90. hamarkadaren bukaeran, dantza taldea antolatzeko erreleborik ez zegoela ikusita, taldea bertan behera geratu zen.

Duela 20 bat urte, herrian dantza-zaletasuna suspertzeko helburuarekin, Udalak Beheko Errota musika eskolari dantza-eskolak emateko eskatu zion, eta azken urteetan asko izan dira bertatik pasa diren haur eta gaztetxoak. Helduak, ez dira horrenbeste izan, baina azken urteetan indarra hartzen ari den jarduera da. Haur nahiz nagusiek herriko emanaldietan parte-hartu izan dute, baina beste herri batzuetara ez dute jo izan.

Hala baina, 2018.urtean Bailarako Dantzari egunean parte-hartu zuten lehen ibilitako dantzari batzuk. Hori izen zen Gorosarri dantza taldea izena hartuta plazara salto egin zen azkeneko urtea.

Berriro plazatan

Joan den zapatuan baina, apirilaren 13a, musika eskolan dantzak ikasten diharduen helduen taldeak Gorosarri dantza taldearen izena hartu eta Debagoieneko Dantzari egunean parte-hartu zuen Arrasaten. Lehen ere ohikoa izan zenez, Eskoriatzako txistulari taldea lagun izan zuten eta, hala, aspaldiko partez Eskoriatzak ere bailarako dantzari egunean presentzia izan du.

Ikasi nahi dutenentzako aukera

Gaur gaurkoz Beheko Errota musika eskolan jasotzen dira dantza-klaseak eta interesa duen edonork hurrengo ikasturterako izena eman dezake. Izen-ematea musika eskolan bertan egin beharko da eta sekula dantzarik egin ez dutenekin ere taldea sortzeko gogoa badago, herrian dantza-zaletasunari bultzada emateko.

Informazioa eta izen-ematea: