Dena prest inauterietarako

2024 / 01 / 31

Eskoriatzan otsailaren 8an hasiko ditugu inauteriak, Urdelardero egunarekin. Lehenagoko ohitura zen umeak etxez etxe abesten joatea eta emandako janariak zirian sartzea (txorizoa, pikupasak, urdaia eta abar). Gaur egun, berriz, umeak baserritar jantzita ateratzen dira kalera ziria eskuan dutela kantura, baina, orain gozokiak botatzen zaizkie leihoetatik.

Oraindik ere antzinako kantu hau abesten da:

Urdei lardero
Urdeixa janda
Bazkaixa gero
Hor goixen itturri bat
Haren gainean txori bat
Ura pil-pil etorri da
Etxekoandre zabala
Etxe oneko alaba!!”

Abestiak urdaia aipatzen du, urdai gazia, eta hori jan eta gero egarria kentzeko iturritik bor-bor ateratzen den ura; amaieran, eskean joandako etxekoandrearen esku zabaltasuna goraipatzen du.

Arratsaldeko 18:00etan, plazan, Mikeltxin DJa egongo da, eta ordu berean, txokolatea eta bizkotxoak banatuko dira.  Ez ahaztu bakoitzak bere edalontzia eraman behar duela txokolatea hartzeko.

Otsailak 10, inauteri larunbata

Larunbatean AD LIBITUM txaranga hasiko da kaleak alaitzen eta baita trikilariak ere.  Biek hartuko dute parte 13:00etan egingo den mozorro desfile/lehiaketan. Desfilea Luis Ezeizako patiotik Santa Marina plazara egingo da, eta mozorro lehiaketan parte-hartzeko beharrezkoa da desfilean parte-hartzea.

Hemen irakurri daitezke Mozorro lehiaketaren oinarriak eta sariak

Inauterietako bazkaria kiroldegian egingo da, 14:30ean.  Mahaian kuadrilak elkarrekin esertzeko leku erreserba egiteko whatsAppez idatzi (650 49 51 66), eta baita menu bereziak (begano, zeliako…) eskatzeko ere.

OHAR GARRANTZISUA: txartelak erosteko eta menu bereziak eskatzeko azken eguna OTSAILAK 4 da.

Bazkalostean, dantzaldia egongo da Moto DJarekin kiroldegian bertan eta edonori irekita, ez bakarrik bazkarian parte-hartzen dutenentzat.

Arratsaldeko 18:30, plazan, mozorro lehiaketaren sariak banatuko dira, eta ondoren, dantzaldia hasiko da LAKET taldearekin.

Otsailak 13, herri inauteria

Luis Ezeiza eta Arimendiko ikasleak, denak batera, kalejiran abiatuko dira kiroldegira, eta bertan, 11:00etan, ohiko ekitaldia egingo dute, azken asteetan prestatzen ari diren abesti eta dantzak eskainiz. Jaialdia Manuel Muñoz kiroldegian izango da: ikasleak kantxan egongo dira; eta familiakoak eta ikusleak, harmailetan.

Kukumarroak

Eskoriatzan aparteko protagonistak ditugu asteartean: kukumarroak, kultura etxetik aterako direnak puxikak astintzera arratsaldeko 17:15ean.

Kukumarroak basoko izakiak dira, negu amaieran jendea zirikatu eta beldurtzera herrira jaisten direnak. Umeek burla egiten diete “kukumarro txorimalo” esanez. Negua bukatzen ari dela irudikatu nahi du soinean jantzita eramaten duten bildots-larruak, eta udaberria gertu dagoela adierazten du soinean daramaten loredun amantalak. Bildots-puxikak eskuetan, haurrak xaxatu eta beldurtzen dituzte Eskoriatzako inauterietako protagonista diren pertsonaia hauek.

Herri inauteria

Ondoren, 18:15 pilotalekutik irtenda, herri inauteritako kalejira hasiko da, Hartza eta Mielotxin euskal inauterietako pertsonaia ezagunekin batera. Aurten herri inauteria bultzatzeko ahalegin berezia egin nahi da eta horrgatik herritar guztiak animatu nahi dira, inauteri arteartean, euskal inauteriko jantziak jantzita kalean ibiltzeko.

Kalejira plazan amaituko da, eta 18:45etan inauteri dantzak egingo dira.

Dantzaldia bukatzeko, Eduardo Gorosarri musikari eskoriatzarrak sortutako NASTEBORRASTE piezan oinarritutako dantza estreinatuko da.

Eguna borobildu eta bukatzeko, erromeria egingo da plazan, herriko txistulariekin.