Emakumeen Bira egunerako informazioa

2016 / 04 / 08

Azaladef16Apirilaren 14an, arratsaldeko 15:30etik aurrera Debagoieneko errepideetan Emakumeen Birako lehenengo etapa korrituko da (76,6 km) eta etapa horrek irteera eta helmuga Eskoriatzan izango ditu (etaparen perfila eta ordutegiak). Aparteko giroa egongo da Eskoriatzan egun guztian zehar, baina egia da hainbat trafiko aldaketa eta gora-behera ere egongo direla. Guztia ahalik eta modu egokienean bideratzeko ahalegina egingo du Udalak.

Hona hemen aldaketa nagusiak:

  • Bidea itxita: Erdigunean oinezkoentzako bide zatia 8:00–21:00 ordutegian ITXITA egongo da.
  • Bidegurutzeak: Lasterketa Eskoriatzako erdigunetik pasatzen den bakoitzean errepide nagusian ezingo da ibilgailurik egon, eta ondorioz bidegurutze guztiak itxi egingo dira 10-15 minutu lehenago.
  • Aparkalekuak: Unibertsitateko aparkalekua eta Gernika plaza aldamenekoa goizeko 8:00etatik aurrera, eta egun guztian zehar, ezin izango dira erabili.
  • Autobusak: Ez da ordutegi eta leku aldaketarik egongo autobus zerbitzuan, baina lasterketa ordutegian atzerapenak egon daitezke.

Esandako moduan, badakigu egunean zehar hainbat eragozpen sortuko direla, eta denok pazientzia apur bat izatea beharrezkoa izango da, baina Eskoriatzan mundu mailako txirrindulariak izango ditugunez, herritar guztiei eskatzen dizuegu kalera irten eta giroaz gozatzea. Udalak, herritar bolundres askoren laguntzaz baliaturik, ekitaldi hau ondo ateratzeko ahalegina egingo du.

Erakusketa

Gogoratu, gainera, apirilaren 7an “Eskoriatza eta Txirrindularitza” erakusketa inauguratuko dela eta aste guztian zabalik egongo dela Ibarraundi Museoan. Hemen horri buruzko informazio gehiago.