Jaietako egitaraua prest dago
2023 / 06 / 15Aste honetan San Pedro jaietako egitaraua buzoneatuko da Eskoriatzako etxe guztietan, eta gustu guztietarako jarduera interesgarri eta erakargarriak aurkituko ditugu bertan. Aurtengo programaren helburua eskoriatzar guztiek eta gure udalerrira hurbiltzen diren pertsonek jaiak aktiboki bizitzea eta topera gozatzea da.
TXUPINAZOA
Jaiei hasiera emango dien txupinazoa ekainaren 28an 19:00etan botako da, eta aurten pregoia ATAMA Arte Martzialen eta Borroka Kirolaren Eskolak egingo du.
BERRIKUNTZAK
Berrikuntza batzuk badaude egitarauan eta espero dugu horiek eskoriatzarren gustukoak izatea Hala, aurten haurren danborrada berreskuratu dela nabarmendu daiteke, lekukoa ilusio handiz hartu duten guraso boluntarioei esker.
Haurren danborrada hilaren 29an, osteguna, izango da, San Pedro egunean, eta 19:00etan hasiko da kiroldegian.
Danborradaz gain, egunero haurrentzako jarduerak izango dira: marrazki-lehiaketa, buruhandiak, Plaza abordaia! ikuskizuna, haurrentzako parkea eta apar festa, besteak beste.
Nobedade handienetakoa Sokamuturra izango da, San Pedro egunean, hilaren 29an, goizeko 08:00etan hasiko dena. Plazaren inguruko kaleak hesituko dira bigantxa askatzeko. Sokamuturrean ezingo dute parte-hartu 16 urtetik beherakoek.
Gazteenek asteartean Lasertag txapelketa izango dute, taldeka jokatuko dena eta argi infragorriak erabiliz beste taldea jokoz-kanpo uztea izango da helburua. Gainera parkour ikastaro eta erakustaldia ere izango dute, akrobazik eta jauziak egiten ikasteko. Koadrilen arteko jolasak, afaria eta DJ baten musika emanaldia ere izango dute.
Egunero egongo da musika emanaldia, eta Oihan Vega, bandaren kontzertua, En Esenzia orkestra, Los Tenampas mariatxi ospetsuen emanaldia, Sambamaña Arrasateko batukada eta 80ko hamarkadako rock-ik onenaz gozatzeko aukera izango da “Rock con Ñ” taldearekin, hain zuzen ere Burning, Asfalto, Topo eta Sangre Azul taldeetako kideek osatutako bandakoek “Mi rollo es el rock… con Ñ” biraren kontzertua eskainiko baitute. Azkeneko egunean, euskal musika dantzagarria maisuki eskaintzen duen Oxabi talde galdakoztarra eta Haize Arrosa Euskal Herrian ibilbide luzea duten musikariek osatutako taldea izango dira.
HERRI BAZKARIA
Herri bazkaria uztailaren 1ean izango da, beti bezala, baina aurten lekuz aldatuko da eta Santa Marina plazaren eta Zaldibarko aparkalekuaren artean dagoen plazatxoan egingo da. Udalak karpak erosi ditu, bazkalordua gerizpean egin ahal izateko.
Euskal Parrillak eskainiko du aurtengo katerina eta adin txikikoentzako 12 euroko menua egongo da (urdaiazpiko-kroketak eta iberikoak, 0Km hanburgesak parrillan, izozkia, ogia eta edaria) eta 18 urtetik gorakoentzako menua, berriz, 22 euroko izango da (entsalada mistoa, baserriko oilaskoarekin eta txerri-saihetsarekin parrillatua, Eceizako pasteltxoak edo limoi-sorbetea barne).
Tikeak dagoeneko salgai daude Inkernu, Urrestilla eta O´Dogherti tabernetan, eta ekainaren 25a izango da erosteko azkeneko eguna. Bazkarirako lekua gordetzeko erreserba whatsapp-es egin beharko da zenbaki honetara idatzita: 650 49 51 66
HERRIKO TALDEAK
TXOSNA
Txosna batzordeak egitarau ederra prestatu du, kuadrillen arteko jokoak, bazkaria, kontzertua, erromeria, street boulder, lehiaketak eta bestelako ekintzak antolatuz.
APP berritua
Aurten jaietako egitaraua “Eskoriatza” izeneko APPan kontsultatu ahal izango da. Aplikazio horretan aldaketak egin dira eta aldaketa horiek ez dira automatikoki eguneratuko, beraz, lehendik aplikazioa deskargatuta dutenek, desinstalatu eta berriro instalatu beharko dute eguneraketak efektibo egin eta sanpedroetako egitaraua kontsultatzeko.
Aplikazioa Android nahiz IOS formatuetan deskargatzeko, klikatu hemen.
DESKARGATU EGITARAUA (PDF)