SEX SUA musikala Zaldibar antzokian

2023 / 11 / 22

Orain dela bi urte, “Esnatu naiz” kabaretarekin izan ostean, Zaldibar antzokiko oholtzara igoko da berriro ere Andoni Mutiloa sortzailea datorren igandean, hilaren 26an. Oraingo honetan, bere obra berria aurkeztuko du,  “SEX SUA”. Musikal formatuan, jende askoren egunerokoa zeharkatzen duten gaiei buruz jardungo da jendaurrean, ikus-entzuleei zer pentsatua ematea baitu xede obrak.

“Ligatzeko gogoz zabiltza, baina aplikazioekin ez zara ondo moldatzen? Bertako komunikazio kodeak ulertzeko zailtasunak dituzu? Eta app horiek erabiltzen hasi zarenetik zure antsietate mailak gora egin du? Galdera hauen erantzuna baiezkoa bada, ez kezkatu, zuk behar duzuna asmatu dudalako: ligatzeko aplikazioetan ez galtzeko gida, Atik Zra”.

Antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu “Sex Sua” obrak. Protagonista nagusia Hiruki da. Hirukik ez du genero zehatzik. Ez du horren beharrik. Etiketa guztiak gainditzen ditu. Ikuskizuneko gidaria da. Ligatzeko aplikazioen erabileraren ondorioz gure ohiturak nola aldatzen ari diren azalduko digu hasieran, eta, hortik abiatuta, Hirukik zenbait kontzepturi buruzko azalpenak emango dizkigu: desira, zer da sexya izatea, gure beharrak vs. gure jokaera…

Sarrerak salgai daude www.bibe.me webgunean eta udal kiroldegian, 5 euroren truke.