Uztailaren 14an ZeDemontre topaketaren II edizioa
2023 / 07 / 07Eskoriatzako Udalak “ZeDemontre” topaketaren bigarren edizioa antolatu du herriko sortzaile eta artista guztientzat, musika, antzerkia, pintura edo eszenatoki batean antzeztu daitekeen beste edozein modalitate plazaratzeko.
Programa honen helburua Eskoriatzako egile, interprete eta sortzaileen sustapena bultzatzea da eta eskoriatzarrek kulturarekiko duten interesari bidea ematea.
Topaketa uztailaren 14an, ostirala, izango da Santa Marina plazan eta oso arratsalde berezia izango da:
- 18:30 – Arizmendi ikastolako batukada Eskoriatzako kaleetan ibiliko da, eta emanaldia Santa Marina plazan amaituko du.
- 19:00 – Maddi Gabilondo Herze gaztearen txanda izango da, berak emango dio hasiera aurtengo ekitaldiari. 17 urteko eskoriatzar honek abesti ezagunen bertsioak eskainiko ditu, gitarraz lagun duela.
- 19:45 – Irati Etxebarrieta Altunaren txanda izango da. Kasu honetan ere gitarraren laguntzarekin abestuko du, baina honek bere abesti propioak abestuko ditu batez ere. Abesti horietan inguruko pertsonez, haurtzaroko lagunez, lurraz, mendiez, naturaz eta jatorriaz hitz egingo digu.
- 20:30 – Larraitz Iparragirrek eta Eskoriatzako txalapartari taldeak proposamen berritzaile batez gozatzeko aukera eskainiko digu, pintura eta musika uztartzen dituen ikuskizuna.
Ondoren, sari banaketa
Arratsalde osoan zehar, Eskoriatzan ekoizten den GERRIGARDO garagardoa dastatzeko aukera egongo da.