Galdera Ohikoenak

Hirugarren adina: nagusi bat daukat etxean, zer laguntza daude? Non galde dezaket? Zer behar du?

Hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu:

Etxez etxeko laguntza zerbitzua.
Zerbitzu honek eguneroko lanak egiteko gai ez diren pertsonen autonomia eza arintzen du eta familiaren laguntza osatu erabiltzailearen behar guztiei ezin dienean erantzun. Egunean ordu betetik hiru ordu arteko zerbitzua  izaten da, beharraren arabera.
Familiak dituen diru sarreren arabera ordaintzen da zerbitzu hori.

Eguneko Zentroa.
Eguneko Zentroen Zerbitzua lagungarria da mendekotasuna duten adinekoak euren familia inguruan mantendu ahal izateko.

Eguneko zentro horien helburua da erabiltzaileek ahalik eta autonomia mailarik handiena berreskuratzea edo mantentzea eta mendekotasuna ez handitzeko neurriak hartzea. Hartara, jarduketa terapeutikoak eta errehabilitaziokoak ematen dituzte, bizitzako ohiko jarduerak egiteko laguntza, eta erabiltzailearen osasun maila hobetzen edo mantentzen saiatzen dira.

Eguneko zentroko ordutegia, goizeko 9:30etik arratsaldeko 5:30era izaten da. Garraio zerbitzua egoten da behar izanez gero.

Egoitza.
Pertsona nagusiari  etxean arreta eskaintzeko zailtasunak daudenean eta etxetik irten beharra izan, egoitzak, pertsona nagusiei arreta osoa eta iraunkorra eskaintzen die, betiere, maila handiko ezgaitua izan eta 60 urtetik gora izanez gero.

Teleasistentzia zerbitzua
Adinak, ezintasunak, gaixotasunak, bakardadeak edo bestelako zerbaitek eraginda, arriskutsuan dauden 65 urtetik gorako pertsonentzako eta ezintasuna daukan edozein adineko pertsonentzako berehalako laguntza eskaintzen duen zerbitzua da. Zerbitzua Eusko Jaurlaritzak eskaintzen du.

Erabiltzaileak medailoi baten antzeko tresna bat izango du lepotik zintzilikatuta, teleasistentziako zentroarekin konektatuta egongo dena uneoro, eta tresna horretako botoiari zapaldutakoan, zentroko langile espezializatuak berarekin jarriko dira harremanetan eta larrialdiari erantzuteko beharrezko baliabide guztiak jarriko dituzte martxan.

Informazio gehiago:
Udaleko Gizarte Zerbitzuetan (udaletxean, beheko solairuan)
943 71 31 36
agurtzane@eskoriatza.eus

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Zerbitzu horiek tramitatzen hasteko beharrezkoa da Mendetasun Maila Baloratzea eta errekurtsoetarako orientazioa egitea, horretarako:

  •  Osasun zentroko medikuaren txostena behar da (medikuak emango dizu zertarako behar duzun esanez )
  • Adinekoaren NANaren fotokopia eta gizarte segurantzako zenbakia.