Bake-Epailea

Bake-Epaitegien barruan, Justizia-Administrazioaren ordezkaria Bake-Epailea da. Normalean zure herrikide bat izango da, herriko pertsona ezagunen bat, eta zu zeu ere, hala nahi baduzu eta legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzu, Bake-Epaile izan zaitezke.

Zer behar da Bake-Epaile izateko?

Bake-Epaile izan nahi duen herritarrak adinduna izan beharko du, eta ezin izango du zeregin judizialak betetzeko ezgaitasun edo bateraezintasun-kausarik izan, baina bere lanbide edo merkataritza jarduera betetzen jarrai dezake.
Horretarako, Bake-Epaitegia duten udalerrietako Udalak deialdi bat egingo du, eta nahi duen edozein aurkez daiteke, beti ere bere eskaerarekin batera iragarkian adierazten diren agiriak eta dituen titulu akademikoak aurkeztuz (hala ere, ez da beharrezkoa ikasketak eginda izatea).

Udalaren Osoko Bilkurak pertsona hori aukeratzen duenean, bere Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Bake-Epaile izendatuko du, lau urterako.

Zer egin behar du bere agintaldian?

Ondoko funtzio hauek ditu: bere herrian gertatu diren larritasun txikiko gertakariengatiko (irainak, laidoak, hertsapenak) falta-epaiketak tramitatu eta egin beharko ditu, bai eta epaia eman ere.

Gauza bera egingo du 90 eurotik beherako kopuruak erreklamatzen direnean.

Adiskidetze-egintzak egitea auzibidea saihesteko. Horrela, auzibidetik kanpo konpondu daitezke honelako arazo edo eztabaidak: inoren lurretan eraikitzea, alokairu errentak eskatzea, ordaindu gabeko fakturak ordaintzeko eskatzea, alokatutako etxebizitzaren alokairua ordaintzeko eskatzea, tailer bati egindako erreklamazioa gaizki emandako zerbitzuagatik, etxebizitza egiterakoan eraikuntzan eta obran egindako akatsengatik etxegileari erreklamazioak. Ez da beharrezkoa adiskidetze-egintzak abokatuak eta prokuradoreak sinatzea.

Bake-Epaitegi guztiek (txikiek eta handiek) bulego judiziala dute, eta bertako funtzionarioek beren zerbitzuak herritarrari zuzenean eskaintzen dizkiete.

Erregistro Zibila ere bere kargura dago, eta beraz, bikoteak ezkonduko ditu, jaiotzak inskribatuko ditu, eta gai horiei loturiko beste zenbait zeregin ere beteko ditu