Udal kirol zerbitzuen eta instalazioen funtzionamendua eta erabilera arautzeko araudi proiektua

Ekarpenak aurkezteko azken eguna: 2017/10/11
Ekimenarekin zein arazo konpondu nahi da:

Indarrean dagoen Eskoriatzako Kiroletako Zerbitzu Orokorren araudia 1996ko martxoaren 13an sartu zen indarrean.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 1997ko abenduaren 2an argitaratutako iragarki bidez sartu zen indarrean testuari egindako lehenengo aldaketa, egin zaion bakarra.

Araudi horrek garai bat bete du, hainbat arrazoirengatik amaitutzat jotzen dena:

  • Gaur egun herritarrek eskatzen dituzten kirol jarduera kopuru eta motek ez dute zerikusirik garai hartan eskatzen zenarekin, eta horrek kirol guneak eta eman beharreko zerbitzuak egokitzea eskatzen du.
  • Herritarren eta administrazioaren arteko harremanen aldaketa esanguratsua ere izan da, 1996ko araudiak bete-betean jasotzen ez zuena, eta beraz, egokitu behar dena: Herritarra ez da bakarrik elkarbizitza eta zerbitzu hobe bat lortu ahal izateko bera derrigortzen duten edo beraien jokabidea hersten duten arauen xede, modu objektiboan izan eta eska dezakeen eskubide batzuen titularra ere bada. Herritarra erabiltzailea da, eta erabiltzaile denez, ematen zaizkion zerbitzuen kontsumitzaile bezala eskubideen subjektua da.
Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna:

Aurreko puntuan aipatutako aldaketak direla-eta egin beharreko egokitzapena, kirol instalazioen eta zerbitzuen funtzionamendua eta erabilera arautuko duen ARAUDI berria onartuta egin daiteke bakarrik.

Araudiaren helburuak:

Udal kirol zerbitzuak eta instalazioak erabiltzeko baldintzak eta horien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzea.

Araudi bidezko eta Araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen:

Kasu honetan, udal kirol instalazioen eta zerbitzuen funtzionamendua eta erabilera arautzeko araudi berri bat litzateke aukera egokiena antzemandako arazoak konpondu eta zerbitzuari erreferentziazko araudi bat emateko.