Eskoriatzan Eguzki energia hartzeko sistemak instalatzea arautzen duen Ordenantza Proiektua

Ekarpenak aurkezteko azken eguna: 2023/02/17
Ekimenarekin zein arazo konpondu nahi da:

Klima-aldaketa da gizarteak gaur egun aurrean duen erronka nagusietako bat. Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldearen (IPCC) Bosgarren Txostenak adierazten duen bezala, klima-sistemaren berotzea  zalantzarik gabea da eta giza eragin argia du. Berotegi-efektuko gasen (BEG) etengabeko isuriak berotze handiagoa eta aldaketa iraunkorrak eragingo ditu klima-sistemaren osagai guztietan, eta horrek pertsonentzat eta  kosistementzat inpaktu larriak izateko probabilitatea handitzea ekarriko du. Testuinguru honetan, Europar Batasunak ezarritako hiru helburu nagusiak hauek dira: berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea 1990.  urtearekin alderatuta, energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia-eraginkortasuna hobetzea. Baina hau guztia, era ordenatuan egin behar da.

Gure udalerrian, aspaldi honetan, gero eta gehiago jartzen ari dira energia berriztagarridun sistemak, batez ere eguzki energia hartzekoak. Baina, udalak ez dauka hirigintza erregulaziorik kaptatze sistema horiek jartzeari  buruz eta horrek era ordenatuan egitea zailtzen du. Horregatik, eguzki energia hartzeko sistema horiek jartzea ordenantza baten bidez erregulatu gura da, hirigintza ikuspegia txertatuz eta paisaia inpaktua zainduz edo ahal den neurrian gutxituz, hau da, ingurunearekin harmonia zainduz.

Araudia onartzeko beharra eta egokitasuna:

Ordenantzak, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 a) artikuluan eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 5. artikuluan Toki Erakundeei aitortutako  erregelamendu-ahalaren eta autoantolaketa ahalaren ondorioz, gure udalerrian eguzki energia hartzeko sistemen ezarpena arautuko du, instalazio motaren arabera, kokalekuaren arabera zein potentziaren arabera.

Araudiaren helburuak:

Ordenantza honen helburua da, hirigintzaren ikuspuntutik, Eskoriatzako udalerrian eguzki-energia biltzeko sistemen ezarpena arautzea, sistema fotovoltaikoak zein termikoak izan. Hori guztia, aplikatzekoa den sektoreko legeriari kalterik egin gabe.

Araudi bidezko eta Araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen:

Europar Batasunak 2009/28/CE zuzentarauaren bidez energia berriztagarrien helburuak finkatzen ditu. Ugariak dira estatu kideetan zuzentarau hori ezartzeko onartutako araudiak. Eusko Jaurlaritzak ere, goragoko arau esparru horretan oinarrituz, 2016an Euskadiko Energia Estrategia (3E2030) onartu zuen hainbat helburu finkatuz.

Planteatutako helburu horietako batzuk lortzeko, udalek esku hartu behar dute. Izan ere, udalek, beren eskumenak baliatuz eta herritarren errealitatea hobeto ezagututa, eguzkienergiaren erabilera sustatu behar dute, udal-ordenantzen eta hirigintza-planen bidez, eta, aldi berean, eraikinek ingurunearekin harmonizatzeko eta inpaktu txikiena eragiten duten formak eta materialak hartzeko beharra babestu behar dute.

Beraz, nazioarteko, estatuko eta autonomia-erkidegoko arau-esparrua, udal- ordenantza batek osatu behar du, goragoko mailako legedietan xedatutakoa Eskoriatzarako garatzeko.